2019ko Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen Batzarra

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak % 20 handituko du hiru lurraldeetako eragileek garaturiko lankidetza-proiektuetarako laguntzen aurrekontua, martxoaren 22aren arratsaldean Nafarroako Jauregian antolaturiko urteko batzar nagusian jakinarazi denez. Bertan, besteak beste, 2019rako aurrekontuen nondik norakoak aztertu dira eta, aurreikuspenen arabera, 1,2 milioi bideratuko dira funts propioetatik mugaz gaindiko ekintzak finantzatzera.

Hitzorduan parte hartu dute hiru lurraldeetako lehendakariek: Uxue Barkos, Nafarroako Lehendakaria, Euroeskualdeko lehendakaritza duen komunitatearen izenean; Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, eta Alain Rousset, Akitania Berriko Lehendakaria, Batzarreko gainerako kide guztiekin batera.

Batzarraren edukia

Batzarrak 2018an egindako jardueren balantzearen berri izan eta egungo ekitaldirako aurrekontu-aurreikuspenak aztertu ditu. Horrez gain, Euroeskualdeak urtero aurkeztu ohi dituen bi laguntza-deialdietako lehena onartu du.

Hartara, antolakundearen aurtengo aurrekontua 3,5 milioi eurokoa da, eta adierazi den bezala, zenbateko horretatik, 1,2 milioi mugaz gaindiko proiektuak garatzeko funts propioei dagozkie.

Lau dira lehentasunezko lan-ardatzak. Lehendabizikoak Euroeskualdearen antolaketarekin zerikusia duten jarduera guztiak biltzen ditu (eleaniztasuna, kultura, gazteria, eta bigarrenak ezagutzaren, berrikuntzaren eta enpresa-lehiakortasunaren ekonomia eta unibertsitate mailako mugikortasuna sustatzea du helburu. Hirugarren eta laugarren ardatzek lurralde iraunkortasuna sustatzea (mugikortasuna eta garraioa, nekazaritzako baliabideak, ingurumena eta turismoa) eta Euroeskualdearen gobernantza eta ikusgaitasuna bultzatzea dute helburu, hurrenez hurren.

Jarduera esparru honen arabera, aurrekontua honela banakatu da. Alde batetik, urteko bi laguntza-deialdiek 800.000 euroko guztizko zenbatekoa izanen dute (2018an baino 100.000 euro gehiago). Kopuru horretatik, 450.000 euro gaur onarturiko lehendabiziko dirulaguntza-ildoari dagozkio, kultura, ondarea, hezkuntza, kirola eta eleaniztasunaren arloko proiektuak finantzatzeko. Bigarren seihilekoan, bigarren deialdia onartuko da, 350.000 eurokoa, ekonomia, ikerketa eta berrikuntza arloei zuzendutakoa.

Bestalde, lankidego estrategikoko proiektuek 400.000 euro jasoko dituzte, eta diru horren laguntzaz, egun indarrean dauden ekonomia, kultura, hezkuntza eta kirol arloetako mugaz gaindiko aliantzak finantzatuko dira, baita sor litezkeen lankidetza berriak ere, eta 100.000 euroraino gehituko dira (% 66 gehiago) Euroeskualdeko unibertsitate mailako ikasleentzako beketarako funtsak.

Baliabide propio hauei esker, Euroeskualdeak, hiru lurraldeetako eragileek sustaturiko hogeita hamar bat lankidetza-proiektu finantzatzen ditu urtero, baita POCTEFAren bitartez Europako finantzaketa duten beste hiru proiektu ere: Transfermuga, mugaz gaindiko mugikortasunari buruzkoa; Eskola Futura, eleaniztasuna eta irakasleen garapen profesionala uztartzen dituena, eta Enplegua, mugaz gaindiko enplegua sustatzea xede duena. Proiektu hauek milioi 1 euroko guztizko dirulaguntza dute eta 2018an Europa mailako hainbat aintzatespen jaso dituzte.

 

Euroeskualdearen lanaren 2018ko txostena aurki dezakezue esteka honetan.

Asteko Hitza

Drapeau eu Mila
Drapeau fr Bienvenue
Drapeau es Mil
Nola erabili?